Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

Arpidegieta

Oinarrian, Mitxelenaren arabera, “-ardi “oveja”: Arpide (*ardi-bide)” izango genuke. Bigarren osagaia “-egi” izan liteke. Eta “-egi”n zera dio: “suf. local, el mismo nombre egi” (Azk.)”; orduan, “arpidearen lekua” izango litzateke. Badugu, ordea, -(h)egi atzizkia ere: “(h)egi “línea de montes” “ladera””, dagokigun tokiari ezin hobeto egokitzen zaiona. Azkenik, “-eta” atzizkia legoke, ugaritasuna edo lekua adierazten duena. (1)

Kalezar goian, ipar-ekialdean, Donostiako Ibaetako mugaren ondoan zegoen baserria (muga-mugako errekari Arpidegietako erreka esaten zaio). 1958an erre egin zen, eta haren ordez beherago egindako etxeak Arpitaberri du izena. Arpita esanda ezagutzen baitzuen jendeak Arpidegieta baserria. Bada beste Arpita bat Aginagan, baina kasu horretan leku izena da (plater-tiroa egiten deneko ordeka horri esaten zaio).

Arpidegietaz ari garenez gero, ezin aipatu gabe utzi Juana Mari Sarriegi emagina:

"Arpidegietako etxekoandrea, hamar seme-alabaren ama izanda ere, emagin lanean ibiltzen zen inguruko baserrietan. Emakume bat haurra izateko zenean, Arpidegietara abisu ematen zuten, erditzeko zorian zegoen emakumearen baserritik senide bat bidaliz. Juana Marik, berehala, bere gauzak hartu, eta korrika joaten zen deitzen zuten baserrira. Horrela jaio ziren inguruko ume guztiak, Elorren, Aritzetan, Intxuitxabalen, Olanonean, Andrenagusin…

Juana Marik, Don Justo Alsua, Usurbilgo medikuaren baimena zuen lan horretarako. Oso emakume iaioa eta indartsua zen. Haurra gaizki bazetorren, edo Juana Marik arazoren bat zegoela ikusten bazuen, Don Justori abisatzen zion zegoen baserriko mutikoren bat korrika bidalita, eta medikua zaldi gainean etortzen zen azkar, haurra jaiotzear zegoen baserrira.

Juana Mari 95 urterekin hil zen. 85 urte zituela, behientzako belarra egiten jarraitzen zuen oraindik, eta lurrez betetako otarrak erraz asko altxatzen zituen, baita zuhaitzera igota gereziak bildu ere.” (2)

 

(1) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953

(2) Usurbilgo Baserriak eta Baserritarrak, Josu Tellabide Azkolain, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2004 (426 or.)

Toponimoa: Arpidegieta

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net