Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

Atxega

Aitzaga ez ote zaigu ezagunagoa egiten dagoeneko?

Oinarrian "(h)aitz" izango genuke, harkaitza edo burkaila, gehi "-aga" leku edo tokia adierazten duen atzizkia (1). Beraz, "haitzaren tokia" edo "haitza dagoen lekua" izango litzateke esanahia.

Lehenbiziko agirietan ia beti Aitzaga (Aiçaga edo Ayziaga, Aiçayaga). Atxega hura bezain zaharra da, ordea (sennor de ayçega edo ayçaga, 1406). Baina, XVI. mendean bertan, Atxega aldaera erabiltzen da, ia erabat.(2)

Egungo "Palazio" (halaxe deitzen zaio Usurbilen) eraiki zuten arte, jauregiaren atzean zegoen oinetxea. Itxura ederreko baserri zabala. Hori Achegazarra (1625) izango zen. Jatorrizko izenaren aztarna ahozko forman gorde da: "Aitzezar" esaten zitzaion.

Dorretxea ere izan zutela badakigu, baina non?

"Non ote zen Atxegaren dorre hori? Oraingo Salbatore eliza zegoen tokian zegoela, irakurri izan dugu. Atxegako ubidearen ondoan, ubidearen ondoko munotxoan zela ere bai. Urdaiagan dago berriz, oraindik ere, goiak kenduta, Atxegaren dorrea (esan den 1458tik ehun urtera behintzat han zen).

Seguru aski, hau izango zen Atxegaren dorrea. Dena desegin hala moztu bakarrik egin zuten, ez dakigu; moztu bakarrik seguruen".(3)

Ez du ideia horren alde egiten Joxe Ramon Zubimendiren liburuko aipu honek:

"se confideraron e allaron çiertos hombres de la juridiçión de Usúrbil contra el señor de la casa e solar de Achaga tomando por caveça al señor de la casa de Urdayaga, que es juridiçión de la dicha villa de Usúrbil, e que se juntaron çient e quoarenta onbres en la dicha casa de Urdayaga e que fizieron juramento de ser unos contra el dicho señor de Achaga"(4)

"Nekazal Nobleziaren maila goreneko pertsonaiak ziren. Lur eta olak kontrolatzen zituzten handiki eta jauntxoak ziren, eta eliz arazoetan botere handia zuten" (5). Erdi Aroan, Gipuzkoako Ermandadeak eta hiribilduek indarra hartu zuten arte, Ahaide Nagusiak ziren jaun eta jabe, eta izugarrizko desmasiak egiten zituzten herri xehearen aurka. Oinaztar eta ganboatar bandoen artean banatuta zeuden, eta haien artean ere borroka latzak izaten zituzten. Atxega ganboatarra zen.

Irurubietako erroten auzian, garbi asko adierazten dute lekukoek garai hartako giroa:

"los dichos parientes mayores… mantenían muchos lecayos e onbres e gentes armados que consygo trayan e tenían… tomavan a los que querían las bacas e carneros e otras cosas sin dineros e yban e ynbiaban a los dicho sus lecayos con ellos mismos e con otros a las casas e caserías de la comarca a comer e beber sin dineros, e tomaban las bacas o carneros agenos e los comían, e yban a comer [30, 60 o 100 hombres] e comían sin dineros, e por el tal comer nin beber e por tomar los dichos sus bienes e ganados non osavan contradezirles nin demandárgelo ante ningún juez [por miedo que les fiziese mayor daño]". (4)

Oharrak:
(1) Apellidos Vascos, Luis Michelena, Biblioteca Vascongada de los Amigos del País Vasco, Donostia, 1953
(2) Usurbilgo Toponimia, Mari Karmen Etxabe eta Jose Javier Furundarena, lan argitaragabea, Usurbilgo Udala, 1989
(3) USURBIL, mendez mende, Axentxio Elustondo, Usurbilgo Udala, 1989 (162 or.)
(4) ZUBIETA, mila urteko herria, Joxe Ramon Zubimendi, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2000 (326, 322 or.)
(5) Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoa, Elhuyar Kultur Elkartea, Usurbil, 1993

Toponimoa: Atxega

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net