Usurbilgo Toponimia

Ba al zenekien?

Lapurtokieta

Irisasin, Andatzaren atzean, hego-ekialderako saihetsean dagoen ordeka gune bat da, Zubietatik Andatzarraterako garai bateko bide nagusian, Etumeta eta Ziortza artean, erdi bidean. Trikuharri bat (Andatza II izenekoa) eta ondoan zista (Andatza III) ikus litezke bertan. (1)

Planoan begiratuz gero, gauza harrigarria badago hemen, Joxe Ramon Zubimendik ederki azaltzen duena:

“ [Olaiko] Andatzako megalitotegian dago, Zubietamendi sailean, Olaiko Gaina izeneko tokian, Andatza mendiaren ekialdeko saihetsetan. Arkutxako trikuharria 400 metro ekialderantzago dago (biak ere bide ertzean, alde banatan).

Olaiko trikuharritik mendebaldera dago Biribilondokoa (Zubietan, baina Usurbilgo mugatik oso gertu). Handik hurrena daude Andatzako bi trikuharriak (Usurbil) eta Zaratekoa (Zizurkil). Denak ere Zubietatik Andatzarretarako mendibide nagusiaren alboan, bidea erakutsiz bezela, milaka urtean hemengo bide nagusi izan den bidea markatuz bezela, zaindari eta zaindegi, zaintoki apartak gain horietan.” (2)

Izenaren jatorriak argia dirudi (Lapurtoqui edo Lapurtegui (1893) dago dokumentatua) (3). Zein lapur talderi egiten ote dio erreferentzia? Garai batean, oso ohikoak ziren lapur taldeak eta bide nagusietan egiten ziren lapurretak: oso ezagunak dira, esate baterako, Zegamako San Adriango lapurretak (4). Axintxio Elustondok aipatzen duen taldearen aztarnak ote dira:

“Andatza mendian gaizkileak

… 1616ean gara, Udaberriko egun batean, apirilaren 14ean, Iturriotzera datoz zortzi herritako alkateak.

Andatza eta Zelatun eta Ernio ondoko herrietakoak dira: Aia, Errexil, Bidani, Goiaz, Asteasu, Larraul, Usurbil eta Zizurkilkoak. Kristobal de Illunbe eta Martin de Aialde doaz Usurbildik, Alkatea eta laguntzailea. Zer gertatzen da? Etxeetan eta abereetan lapurretak eta beste ebasketak (robos de casa y de ganado y otros urtos). Eta gaizkileak bertakoak dira (y se entendia que algunos de los malhechores y encubridores habia en dichos lugares). Asteasun harrapatu berriak dituzte lapur batzuk eta hango kartzelan dauzkate.

Bilera hartan, zortzi-hamar erabaki zorrotzak hartu zituzten, lapurrak eta lapurren tapatzaileak aurkitzeko, kartzelaratzeko, epaitzeko eta zigortzeko. Andatzatik Zelatunera bidean ez zen giro nonbait, eta negu ondoren, abereak mendietara atera baino lehen, arazoa garbitu nahi da.” (5)

(1) Usurbilgo ondarea ezagutzen, Josu Tellabide eta Asier Agirresarobe, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2009 (14-15 or.)

(2) ZUBIETA, mila urteko herria, Joxe Ramon Zubimendi, Noaua Kultur Elkartea, Usurbil, 2000 (21 or.)

(3) Usurbilgo Toponimia, Mari Karmen Etxabe eta Jose Javier Furundarena, lan argitaragabea, Usurbilgo Udala, 1989

(4) Atzoko Zegama, Xabier Azurmendi Agirre, Lankidetzan bilduma 3, Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1997 (47 or.)

(5) USURBIL, mendez mende, Axentxio Elustondo, Usurbilgo Udala, 1989 (111 or.)

Toponimoa: Lapurtokita

Atzera
Irudia

© 2012 - Usurbilgo Udala

Joxe Martin Sagardia Plaza, z/g - 20170 Usurbil - GIPUZKOA

Tel.: 943371951

www.usurbil.net